viernes, 21 de junio de 2013

Gau zuria

Bilboko gau zurian parte hartzeko deia jaso genuenean, pribilegiatuak sentitu ginen. Bilboko Deustuko unibertsitateko plazan, beste artista batzuekin batera oholtza konpartitzeko aukera eman ziguten.

Gau zuria, gau luzearen sinonimoa izan daiteke orduari begiratuko bagenio. Arratsaldeko 5etarako bertan geunden; eta etxera gaueko 3etarako iristiko ginen. Gau luzea denboran bai, baina arin eramaten asmatu genuen. Denbora arin joan zedin baliabide guztiak jarri zizkiguten Txalaparta-ko lagunek (Eskerrik asko Harkaitz eta Mikel).
Gure emanaldiko musika jarri zuten Igelaren bandakoak ere bertan ziren, eta eurekin egotea beti da plazer bat. Bixente eta Amaiur ziren bertan. (hurrengoan argazki hori aterako dugu!!)

Kalakan taldekoak ere bertan ziren. Euren emanaldian bete zen plaza goraino. Normala, oso oso onak baitira. Tamalez, Maddonak irakutsi behar izan zigun euren musika mailaren berri. Bertaratutako asko ere, horren ondorioz hurbilduko ziren bertara. Eurekin argazkia ateratzeko aukera izateaz gain, eurekin hitz egiteko aukera izan genuen. Jende jatorra, umila... ederra. Eurekin oholtza konpartitzea ohore bat izan da; baina kamerino eta eurekin egindako hitz aspertuarekin geratzen gara.

Bi egunetan, bi hiriburu, Donostia eta Bilbo. Eta bizipenak, sentsazioak, oholtzan marraztutako oin kolpeak beste.




Antiguon, oin berriak

Donostiako gure lehen emanaldia non egingo eta, Antiguoko frontoian. San Juan festeten harira, eta Antiguotarrak dantza taldearen urteaurrena zela aprobetxatuz (ZORIONAK!!!).

Ilunabar ederra egokitu zitzaigun. Frontoiko zoruan alfonbra jarri, foko pare bat eta... gutxi behar dugu guk emanaldia egiteko. Emanaldia sortu genuenean, garbi genuen baldintzetako bat hori zen. Gure oin eta errimek ez dutela askorik behar dantzan hasteko. Ez dugu oholtza eta argi muntaia izugarri behar, mimo pixkat hasi izan ohi dugu; eta Antiguoko lagunek, Txiki buru zela (handia haiz Txiki!!), ederki mimatu zuten gure bertako egonaldia. Ederki jarri zuten dantza eremua, argia eta batipat, etxean sentitu ginen. Donostiako lehen emanaldian, etxean sentitzea, ederra baita!

Halako lekuek baina, xarma eta arriskua elkarrekin dabiltza dantzan. Politikako gaian, Aiert eta Onintza dantzan ari zirenean, txakur bat agertu zen eta dantzan hasi nahiko balu bezela inguratu zitzaien. Dantzari onak zirela bagenekien eta halako egoeren aurrean, txakurra ingurutik nola urrundu asmatu zuten doinuak eskatzen zuen erritmoan. Bazirudien, politikako gaiak txakur bat behar zuela baina ez zen nahita eragindako egoera bat. Ez zen egoera gustokoena baina, gure emanaldiaren oinarriari begiratuta, ezusteko hauek gerta litezkeela kosziente gara. Antzokietako emanaldia bagina, ez genuke Antiguoko giroa bezelakorik sekula biziko (,txakurrak tarteko).

Donostian badira plaza eta oholtza gehiago, baina aurrenekoa hau, edo guau, beti izango dugu gogoan.

domingo, 2 de junio de 2013

Maiatzeko hiru oin

Deskuidatu dugu apur batean bloga; baina ez gara geldi egon.
Maiatzean zehar, Zizurkilen, Burladan eta Gernikan izan gara. Hiru herri, hiru plaza eta hamaika oin. Zizurkil goiko frontoian izan genuen hileko lehen zita. Frontoiak, bertso plaza izan badira, dantza plaza ere badira eta guri, ezin egokiago prestatu ziguten. Gaueko ilunean, frontoiak ere ez zuen frontoi itxura kasik. Bertan ez zen pelota hotsik. Oinak ziren bertako zoruan kolpeka. Frontoia bete zen, giro beroa eta bildua izan zen bertan. Facebooketik banatutako sarrerak lortu zituenarekin ere argazkia atera genuen... baina Zizurkilgo antolatzaile , adiskide eta ederki zaindu gintuena ere...


Burladatik ere jaso genuen deia. Orain arte egindako bide luzeena izan da eta bertako oholtzan ere jarri genituen gure izerdi oinak. Emanaldi hau sortu genuenean, leku guztietan dantzatzeko prest geunden. Burladako karpa txikian ere, ederki moldatu ginen. Plaza berrietan ere, bertsoak bezala, badutelako oinek bere lekua. Burladan arrastoa utzi genuen ez dakigun arren, markatuak egin genuen bertatik buelta.


Gernikako lizean izan zen maiatzeko azkena, maiatzeko azkenean. Bizkaiko herri eder honetan ere izan genuen gure emanaldia eskaintzeko aukera. Enbeitatarren herrian, Urdaibaiko bihotzean, Arbolaren itzalean...eta batipat, bertaratu zirenen bihotzetan errimak zintzilikatzen jartzen saiatu ginen.


Burlada eta Gernikako emanaldietan, Iker jardun zen Gotzonen ordez. Teknikari lanak ere, Amaiur eta Anne jardun ziren. Taldea osatuz eta sendotuz doan seinale. Finean, emanaldiarekin leku guztietara iritsi nahi dugu eta talde sendoa izanda bermatu genezake hori.

Maiatza betea izan dugu, baina ekaina ere halatxu datorkigu. Zai ditugu Donostia (Antiguo), Bilbo (Gau zuria) Urrestila, Oiartzun, Areso, Aduna, Bilbo, Luhuso...

viernes, 3 de mayo de 2013

Bastero

Apirileko azken ostiralez zitatuta geunden Andoainen. Andoaingo Bastero areto handian.
Egun osoa eman zuen gure teknikariak bertan. Areto eta baliabide asko dituen aretoak, halakoak ditu. Goizetik, argiak egoki ipintzen pasa zuen Anartzek.

Iritsi ginenerako, dena prest! Oholtza egokia eta aurrealdean, aulki bete grada.
Teknikariak, goi goian zeuden, ezkutuan. Bertatik, oso txikia ikusten zen guztia.

Apirila, urak mila omen ditu eta ostiralez, hala egokitu zen. Euria eta hotz kalean; baina bero barruan.
Emanaldi aurreko ensaioan, argiekin egokitzen pasa genuen denbora. Dena egoki jarri arte, oin guztiak errimatuz pasa genuen ensaio ordua.

Kamerinoak ere, handiak. Ispilua alderik alde. Gozada bat da halakoetan egotea. Ezagutu ditugu baina, bestelako xarma zuten lekuak ere. Leku guztiak gustoko ditugu. Leku guztietara egokitzen dira gure oin eta errimak.

Jendea sartuz joan zen pixkanaka. Igelaren bandako lagunen musika lagun zutela exertzen joan ziren bertaratutakoak.

Entzulea bero sentitu genuen handitasun hartan. Lagun zahar eta berriak ikusi genituen.

Gustora bukatu genuen. Jendea ere pozik sumatu genuen.
Bestetik, Javier Vazquez argazkilariak argazkiak atera zizkigun eta ondoko argazkian pareko asko egin zizkigun. Ederrak guztiak. Eskerrik asko Javier!!
Eta nola ez, esker mila Basteron laguntzen izan ziren guztiei. Gure lana errazagoa egin zutelako.

Apirila joan da eta maiatzean ere, egun zenbait ditugu oinez errimaztatuta!  Maiatza bero dator!!

viernes, 26 de abril de 2013

Kareletik dantzan

Karela du izena Orioko kiroldegiak. Itsas bazterrean egiten genuen lehen saioa zen Oriokoa. Eta Orio bezelako herri eder batean dantzatzeko bagenuen gogoa. Gainera, taldeko bat bertakoa dugu eta bestea bertan bizi da, beraz... etxean geunden. Eta horrek, gure barnean dantzan jartzen ditu poza eta nerbioa.
Etxean bezela...

Aulki berriak estreinatu ditugu Orion. Orain arteko bidean, astindu ederra eman diegu eta. Emanaldi aurreko beroketarako ere, jertse politak baditugu. Talde jantzia garela gero!!

Egoki prestatu ziguten kiroldegia. Torrotxok, Uhainak, udaleko teknikariak... behar genuen guztia egoki jarri ziguten. Plazer bat izaten da halakoen babesa izatea... beraz, esker mila!
Errimak oinetan-eko tripulazioa
Sarreran, jendea biltzen hasia zegoen iada. Ilara luzatu eta luzatzen ari zen. Bitartean, aldageletan, gure azken beroketak, gihar berotzeak, orrazte eta delakoak, emanaldi aurreko nerbioekin nahasten ziren.

Play eman eta...

Gozatu dugu. Jendea bero zegoen. Txalo jotzeko gogoz. Orain artean ez bezela, bertsoz bertso entzuten genituen txaloak.
"Gora oriotarrak esan beldur gabe" esatea akaso gehitxo da baina, "eskerrik asko Oriotarrak" esateko ez dugu inolako beldurrik.


miércoles, 17 de abril de 2013

Alegria Dulantzin, pozik

Larunbat eguzkitxua udaberriko aurreneko hau.
Arabar lurretako Dulantzin zuten zita gure oinek, eta bertara joateko prest eta gogotsu giñen.
Hasieratik izan zen ezberdiña eguna. Bideari ekiteko, zita leku berri bat genuen. Alegiko gasolindegia. Barnealdeko gure taldekideek, Dulantziko emanaldian parte hartze zuzena dute.

Itziar eta Amaiur, zintzo demonio genituen zai. Itziarrek, aurrenekoz parte hartuko du errimak oinetaneko emanaldi osoan; Amaiur berriz, ezkutuko lan zuen. Play, pause eta stop hitzak izan ziren Amaiur, eta laguntzera hurbildu zen Ane taldekidearen, oin eta errimak.

Anartz iada bertan eta dena prest zuela adierazi zigun watsap bidez (taldeko azkena izan da teknologia hauetara makurtzen)
Dulantziko kultur etxe polita zen benetan. Areto goxoa, eraikina bera, aldagelak... ezin gehiago eskatu.

Entsegua berria zen. Itziarren estreinaldiaren nerbioak, Amaiur eta Aneren play-ikarak...baina, ensaioan dena egoki ipini genuen. Emanaldia ekiteko, ederki zegoen dena!!

Eta ensaio on batek, emanaldi on bat dakar sarri. Dulantzikoa ere, halaxe izan da.
Chapo!
Azken hilebeteetan, gure ensaio, entrenamendu eta konpainiako kideak direnak, ezin hobeto jardun dira. Oholtzan eta oholtzatik kanpo, talde bat garelako.
Poz ematen du. Taldea zabaltzeaz gain, taldea ederki osatzen dugu eta aurrera begira jarrita, plazerra da!

Esker mila Dulantziko antolatzaileei, bertan agertu zirenei eta nola ez, agertu eta gertu zaituztegunoi.